“Oasunaren arloko ikerketa Euskadin” jardunaldia

Euskadik lidergoa indartu du osasun-ikerketan, eta balioa eman dio sareko lanari osasuna eraldatzeko.

200 pertsona inguru elkartu ziren Bilboko BAT dorrean, erakundeetako ordezkarien, ikerketa-eragileen, osasun-arloko profesionalen eta pazienteen artean, “Osasunaren arloko ikerketa Euskadin: adostasuna, sarea, pazienteak” jardunaldian. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak antolatu zuten topaketa hori, I+G+Bko euskal ekosistemak osasunean izan dituen aurrerapenak aztertzeko eta etorkizuneko erronkei heltzeko.

Biosistemak modu aktiboan parte hartu zuen foro horretan, Ane Fullaondo zuzendari zientifikoaren bitartez, eta berretsi egin zuen Institutuak lankidetza-ikerketa batekin duen konpromisoa, pertsonei zuzendua eta osasun-sistemak hobetzera bideratua.

Topaketan 2025eko Osasuneko I+G+b Jardueraren Memoria aurkeztu zen, Euskadiko osasun-ikerketaren hazkunde iraunkorra berresten duena. Txostenak 725 proiektu lehiakor jasotzen ditu, horietatik 59 nazioartekoak, eta 32 milioi euro erakartzen ditu lehiarako finantzaketan, nazioarteko deialdietatik eratorritako 19,6 milioi barne.

Ikerketaren zeregin estrategikoa

Jardunaldian Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eta Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusiak parte hartu zuten, eta ikerkuntzak osasun-sistemaren egungo eta etorkizuneko erronkei erantzuteko duen zeregin estrategikoa nabarmendu zuten.

Bere hitzaldian, Alberto Martínezek adierazi zuen “osasunean inbertsiorik onena ez dela ospitale batean hasten; ikerketan hasten da”, eta azpimarratu zuen pazienteak direla ikerketa-jardueraren benetako motorra, eta ezagutza sortzea funtsezkoa dela diagnostiko hobeak, tratamendu eraginkorragoak eta kalitate handiagoko osasun-arreta eskaintzeko.

Bestalde, Lore Bilbaok Osakidetzaren ikerketa-gaitasuna eta osasun-ikerketako institutuekiko lankidetza indartzearen garrantzia nabarmendu zituen, ebidentzia zientifikoa asistentzia-praktikara eramateko eta herritarrengan benetako eragina sortzeko.

Biosistemak, osasun-sistema eraldatzeko gakoa

Euskadiko osasun-ikerketako institutuei eskainitako elkarrizketa-mahaian, Ane Fullaondok Biosistemak erakundeak osasun-zerbitzuen eraldaketan ikerkuntzak duen eginkizunari buruz duen ikuspegia partekatu zuen, fokua profesionalen, osasun-erakundeen, politika publikoen arduradunen eta pazienteen arteko lankidetza-lanean jarriz.

Era berean, aurkeztutako proiektuen artean JAMRAI 2 nabarmendu zen. Ekimen horretan Biosistemak erakundeak parte hartzen du, eta antimikrobianoekiko erresistentzia “One Health” ikuspegitik lantzen du, gizakien, animalien eta ingurumenaren osasuna integratuz, osasun publikoaren erronka global nagusietako bati aurre egiteko.

Ikerketa gehiago eta pazienteentzako aukera gehiago

Aurkeztutako datuek Euskadiko ikerketa klinikoaren hazkundea ere islatzen dute. 2025ean 440 paziente berrik parte hartu zuten medikamentuekin egindako saiakuntza klinikoetan, eta 2.455era igo zen 2022tik hona azterketa horietan parte hartu zuten pertsonen kopurua.

Jarduera zientifikoak ere bilakaera positiboa izan zuen: 1.938 argitalpen zientifiko, aurreko urtean baino % 7 gehiago. Ikerketa-arlo nagusiak onkologia, neurologia, osasun mentala, gaixotasun infekziosoak, genetika, geriatria, gaixotasun kardiobaskularrak eta endokrinologia izan ziren, gizartearen osasun-erronka nagusien ildotik.