Biosistemak Osasun Sistemetako Ikerketa Institutuak, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak eta Bilbo-Basurtu ESIak koordinatutako lankidetza lagungarria izan da Euskadiren ezagutza nazioartean transferitzeko.

Bisita, eskualdeen arteko senidetzea, HEALTHIER: Guztion osasunerako hezkuntza deitua, Enpirikak Europa mailan koordinatzen duen Digital Health Uptake proiektu europarrean kokatzen da. HEALTHIER, FORTHk (Creta) eta Biosistemak (Euskadi) koordinatuta, pazientearen eta biztanleriaren ahalduntzearen, osasun-hezkuntzaren eta osasun-alfabetatzearen esparruan Osakidetzan abian jarri diren estrategiei eta planei buruzko informazioa eta ezagutza transferitzean oinarritzen da. Gainera, euskal herritarrek beren osasuna eta gaixotasuna hobeto kudeatzeko eskura dituzten aktiboak eta baliabideak erakutsi nahi ditu, hala nola osasun-materialak eta -informazioa, tailerrak, prestakuntza-programak, zerbitzuak edo tresnak.
Jardunaldian Zuzendaritza Nagusiko Lehen Mailako Arretako Zuzendariordetzako, Erizaintzako Zuzendariordetzako, Kalitateko eta Informazio Sistemetako Zuzendariordetzako eta Bilbo-Basurtu ESIko profesional sanitarioek eta arduradunek parte hartu dute, eta Osakidetza egitura eta Erakunde Sanitario Integratuak erakutsi dituzte, bai eta arreta integratuko, ahalduntzeko eta Lehen Mailako Arretako estrategiak ere, ikuspegi komunitariotik. Era berean, Osakidetzan herritar guztientzat eskuragarri dauden eta pertsonak beren osasuna kudeatzeko gaitzea bilatzen duten programa eta zerbitzu batzuk aurkeztu dira, baita sistemak datuak biltzeko, emaitzak aztertzeko eta programen jarraipena egiteko dituen tresna eta plataforma digitalak ere.
Bestalde, Kretako Ordezkaritzak bertatik bertara jakin ahal izan du nola garatzen eta eskaintzen diren Osasun Eskolan eskuragarri dauden hezkuntza-material guztiak, Paziente Aktiboa-Paziente Bizia programa, paziente kroniko konplexuei zuzendutako Kronik ON ahalduntze-programa, edo Osasun Aholkuaren zerbitzua eta pertsonak ahalduntzeko egiten dituzten jarduerak. Nabarmentzekoa da Bilbo-Basurtu ESIko eta Goierri-Urola Garaia ESIko erizaintzako profesionalek beren esperientziak erakutsi dituztela eguneroko praktika klinikoan ahalduntzeko programa eta jardueren garapenean eta inplementazioan.
Euskadiren ezagutzaren transferentziak aukera ematen dio Helenoko osasun-sistemari ezagutza eskuratzeko, Osakidetzaren esperientziatik ikasita, osasun-ataria eta -eskola sortzeko. Osasun-ataria Kreta eskualdeko osasun-sistema integratuan sar daiteke, eta osasun-arloko herritarrek eta profesionalek erabil dezakete.
Greziako ordezkaritzak senidetze programa eta horren antolaketa balio handikoa dela esan du, kalitate profesionala eta giza kalitatea direla eta. Bi eskualdeetako ordezkariek uste dute, halaber, jarduera horrek aukera berri bat dakarrela Europako eskualdeen artean ezagutzak partekatzeko eta lan-arloak eta etorkizuneko sinergiak identifikatzeko.