Biosistemak Osasun Digitalaren Nazioarteko XII. Biltzarrean
Ane Fullaondo zuzendari zientifikoak ingurumen-inpaktuari buruzko mahai bat moderatu du hirugarren jardunaldian.
Biosistemak Institutuak Osasun Digitalari buruzko Nazioarteko XII. Biltzarrean parte hartu du, Donostian, 2025eko irailaren 15etik 17ra, Miramar Jauregitik formatu hibridoan. Topaketa Osasun Digitalaren Elkarteak eta Signo Fundazioak antolatu zuten, eta hainbat arlotako adituak bildu ziren, osasun-sistemetan eraldaketa digitalak dituen erronkei eta aukerei buruz eztabaidatzeko.
Biltzarrean funtsezko gaiak jorratu ziren, hala nola osasun mental digitala, erabaki klinikoak hartzeari aplikatutako datu-zientzia, adimen artifiziala osasunean, lehen mailako arretaren hobekuntza, osasunerako sarbidean ekitatea edo konponbide digitalen iraunkortasuna.
Osasun-berrikuntzako estatuko eta nazioarteko erreferenteez gain, Eusko Jaurlaritzaren presentzia instituzionala izan zuen topaketak. Osasun Saileko Ikerketa, Berrikuntza eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendari Iñaki Gutiérrez-Ibarluzea parte hartu zuen inaugurazioan eta ezagutzaren kudeaketari eta adimen artifizialari buruzko mahaian. Bestalde, Osasun Saileko Osasun Eraldaketarako zuzendari Inés Gallegok ekitaldiaren amaieran parte hartu zuen.
Hirugarren jardunaldian, Biosistemak-eko zuzendari zientifiko Ane Fullaondo Zabalak Osasun digitalaren ingurumen-inpaktua izeneko mahaia moderatu zuen. Bertan, Aitzol Pikabea (Tecnalia), Clara Bergareche (Multiverse) eta Alba Ancochea (AstraZeneca) izan ziren hizlari.
Osasun digitalari buruzko ikerketa-taldea
Biosistemak Osasun Digitalari buruzko ikerketa-talde bat du, Dolores Verdoy Berastegui buru duena, eta irtenbide berritzaileak garatzen ditu arreta eraginkorragoa, iraunkorragoa eta pertsonalizatuagoa lortzeko.
Bere lan-ildoen artean daude osasun-zerbitzuetan IKTak ezartzea, tresna digitaletan oinarritutako antolaketa- eta arreta-ereduak diseinatzea, eta datuak eskala handian kudeatzea eta aztertzea, big data eta adimen artifizialeko tekniken bidez. Helburua da ebidentzia zientifikoa ematea, osasunean eta osasun-politiken garapenean erabakiak hartzeko modua orientatzeko.
Biltzarrean parte hartuz eta bere ikerketa-lanarekin, Biosistemak osasun digitala sustatzeko konpromisoa berresten du, osasun arloan berrikuntzaren eta iraunkortasunaren motor gisa.